Edukira joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

español  |   english  |   français
Hasiera >> Arraza >> Zer da pottoka?

Zer da pottoka?

Imagen de pottoka cabalgando por el monteEuskal Herriko poni arraza dugu pottoka. Animalia lirain eta indartsua. Euskal Herriko inguruneari oso ondo egokitua eta aldi berean ingurune berezi honen eraginez zaildu eta moldeatua. Paleolitiko garaitik (k.a. 40.000 urte) gure mendi eta haranetako biztanle. Horren lekuko Ekain eta Santimamiñe leize zuloetan azaltzen diren zaldi irudi ederrak. Gaur egundaino herriaren eguneroko bizitzan eta garapenean laguntzaile fin eta lehiala izan dugu. Euskal Herriko ohitura eta mitoetan ere paper berezia jokatu du aintzinatik pottokak. Guzti honek eta arraza berak duen pertsonalitate propioak eta aintzinatasunak, berezitasuna ematen dio pottokari.

Pottoka hitzak, euskaraz edozein aberekume adierazteko balio badu ere, zaldi txikiak izendatzeko erabiltzen hasi zen eta azkenik arraza berezi honi lotuta geratu da.

Imagen caballo prehistóricoEuskal Herriko zenbait marrazki eta irudik (Ekain, Etxeberri, Santimamiñe...) Magdalen garaiko ehiztarien harrapakin gogokoena zen zaldi-burua dute gai nagusitzat. Hezurrean egindako marrazki askotan ere, pottoka azaltzen da. Datu hauek, pottoka Euskal Herriko mendietan, Paleolitos garaiaz gero bizi izan dela pentsarazten digute. Beraz prehistoriako zaldi haien lekuko lirateke, gaurdaino iritsi eta karaktere zootekniko bereziak dituen arraza hau.

Historian zehar erabilera asko izan ditu Pottokak. Ondo osatutako animalia da, neurri ertain eta proportzionatuak ditu eta gorputz giharretsu eta sendoa. Izakeraz berriz azkarrak, lehialak eta oso erresistenteak dira. Ezaugarri guzti hauegatik eginkizun askotarako erabilia izan da: gainean ibiltzeko, ehizerako eta gerretarako, gurdietatik tiratu eta nekazaritza lanetarako, meatzetan bagoietatik tiratzeko, aleak jaulkitzeko, haragitarako (burgete zaldiekin gurutzatuta), kanpo exportaziorako (Indiako ejerzitoarentzat), eta azken aldian larreak eta mendiak garbi mantentzeko erabiltzeaz gain, zenbat ekitazio jardueretan ere ikus diteke.

Hala ere eta lehen aipaturiko erabileretarako animalia paregabea izanda ere, gaur egun arriskuan dagoen arraza da. Egungo modernitateak, nekazal lanen mekanizazioak, mendi eta lurren jabego pribatuak eta hauen erabilera produktiboak, eta arraza bera eta bere produktuetarako merkatu faltak, beste ezertarako erabiltzen ez diren mendi eta bazterretara alboratu dute.

Esan beharra dago hala ere, gaur egun arraza kalitatean eta kopuruan irabazten ari dela hartu diren babes-neurriei esker, egoera honetan babeserako sortu diren elkarteak zeresan handia eduki dutelarik.

Pottoka, bizia eta azkarra da; dotorea. Pauso garbia eta izakera irmoa ditu. Gozotasun handikoa da, baina aldi berean zuhurra ere bai. Naturan libre bizi izateak eraginda, defentsarako eta iraupenerako sena oso garatua dago pottokengan.

Taldeka bizi izan oi den zaldi soziala da. Taldea normalean 10-15 emek eta dagokion arrak osatzen dute. Hauen arteko erlazioak, oso bereziak dira eta udaberri eta uda-hasieran sendotu egiten dira. Talde bakoitza bere lurraldean bizi ohi da. Ohiturak belaunaldiz belaunaldi berrituz, topografia, mikroklima eta landarediari buruzko ezagupideak batzutatik besteetara pasatzen dira.

Pottokas paciendo en el monte
Arrak bere taldeko behor denak estaltzen ditu udaberria udaran, martxoaren hasieratik abuztuaren bukaerara bitartean. Taldetik pixka bat urrunduz behorrak zaintzen aritzen da beti erne beste arrik gerturatu ez dadin bere behorretara.
Behorren artean adiskidetasunak sortzen dira, taldean daramaten denbora dela medio. Oso komunikazio-sistema bikainak dituzte pottokek. Batzuk ahozkoak dira, adiskidetasunezko zurrungak eta beldur eta haserrezko irrintziak adibidez. Gehienak hala ere, keinuzkoak edo gorputzarekin egindako komunikazio-sistemak dira; buztan eta belarrien mugimenduekin, gorroto, mehatxu, jakinmin, zalantza eta irrika adierazten dituzte.

Talde bakoitzean behor batek edukitzen du behor gidari papera. Normalean behorrik zaharrena eta esperientzi gehien duena izaten da behor hau. Besteak honi jarraitzen diote, koordinatutako mugimenduen bitartez.

Betidanik pottokak ihes egin dio gizakiari. Gizonentzat, mendian babesten den ehize-aberea izan da. Gizona ehiztari/landare-biltzaile izatetik artzain/produzitzaile izatera pasa zenean, animalia honetaz interesatzen hasi zen eta ondorioz zaldi txiki hauen bizikera ere aldatuz joan da.

 

imagen antigua de familia con pottokaPottoka iraganean zaldi basatia izan bada ere, denbora pasa ahala eta libre bizi arren, gizakiaren ondare izatera iritsi da eta salerosketarako erabilia.
Pottokak baditu beste arraza batzuk ez dituzten berezko ezaugarriak, hemengo inguruneari egokitze perfektua, amatasuna, rustizitatea, karakterra, aldi berean goxotasuna, ikasteko erreztasuna, hezitzeko egokia, fertilitatea, ezaugarri morfoligiko bereziak, polittasuna, mantenu erreza eta merkea e.a. Ezaugarri hauek dira gure pottoka beste arrazetatik bereizten dituztenak eta Euskal Herrian balio erantsi handia ematen diotenak. Ondare genetiko izugarria daukagu esku artean eta ezin dugu inolaz galtzen utzi.

Azken 10 urtetan pottoken egoera asko aldatu da. Abeltzainen lanari esker arraza honen buru kopuruak gorantz egin du eta gaur egun denetara 700 bat buru daude itxi berria den liburu genealogikoan inskribaturik. Gainera zaldi gainean ibiltzeko prestatzen ari dira eta izugarrizko afizioa sortzen ari da, pottoketan ibilaldiak egiteko.

Beraien ezaugarri etologikoegatik zaldun hezkuntzarako eta beste zenbait ekimenetarako (hipoterapia, hipoturismoa,...) sekulako ahalmenak dituen arraza bilakatzen dute. Honela umeek zaldiketan ikasteko arraza ezin hobea dela esan liteke eta gainera beraien heziketa era naturalean egitea ere bermatzen da, pottokaren izaera sozialak sistema honen arrakasta ziurtatzen baitu. Bere garaieragatik eta izakeragatik umeentzako poney bezela oso aproposa da eta kasu askotan pertsona helduentzako ere balio lezake. Mugimendu armoniko eta orekatuko zaldia da, dudarik gabe pertsonak gainean ibiltzeko egokia.
Karrotik tiratzeko ere animalia paregabea da, baina Euskal Herriko orografia dela eta ez zaio aktibitate honi gerora aukera handirk ikusten hemen.

Ezin da alde batera utzi Pottoka eta beste arraza baten arteko animaliak gurutzatzean sortu liteken F1a. Arabiar arrazako eta Pottokaren arteko gurutzatzean adibidez, "raid" lasterketetarako oso animalia aproposa sortu liteke, arabiarren garaiera eta korrikarako gaitasuna, eta pottokaren rustizitatea eta erresistentzia bateratuko lituzkeena. Burgete arrazako garañoekin gurutzatuz gero haragitarako balioa izango lukeen muxala izan dezakegu.

Esan beharrik ez dago bere rustizitatea, adaptazioa eta elikatzeko exigentzia xumeak, mantentzeko animalia erreza eta merkea egiten dutela eta aldi berean mendiak eta kalitate gutxiko larreak garbitu edo mantentzenko aproposa

 


Bizkaiko pottoka Gipuzkoako pottokazaleen elkartea Arabako Pottoka Elkartea

Joan XXIII, 16B - 20730 AZPEITIA(GIPUZKOA) - Tel.: 943 08 38 88 - info@pottoka.info

Erabilera Baldintzak - Pribazitate politika - Cookien politika

Web mapa - Harremanak - Aplikazio sarbidea

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.